Zer uste duzu?

 



Idatzi iritzi artikulu bat 250 hitz ingurukoa. Horretarako, aukeratu hurrengoen artean gai bat:


1. Hedabideetan eta sare sozialetan lekua eman behar al zaio faxismoari? Gorroto mezuak, eskubideen kontrako mezuak,...


2. Inkulturalizazio batean al gaude? Ez-jakintasunaren gizartea.


3. Iritzia edonork eman dezake? Iritzi guztiak dira errespetagarriak?



Baliabideak:

Egitura

Lanketa


Iruzkinak

  1. IRITZIA EDONORK EMAN DEZAKE?

    Gaur egun, foro ezberdinak daude iritziak adierazteko, esate baterako: instagram, tik-tok, blogak… Argi dago gizakiok aukera dugula gure pentsaerak adierazteko, lehen ez bezela. Hala ere, zilegia da edonork edozein gairi buruz bere ideiak plazaratzea?

    Gaiari heltzeko, esan beharra dago guztiok eskubidea dugula gure pentsaerak adierazteko, beti ere, errespetuz jokatuz eta jendea mindu gabe. Are gehiago, bizipenetatik hitz egingo bagenu, gure iritziak indarra eskuratuko luke, hori baita oinarri sendoa . Horrez gain, besteen gogoetak entzuteak aniztasuna dakar, edo aberastasuna, gure mugak gainditzeko eta malgutasun batean mugitzeko aukera. Halaber, entzule fin baten aurrean egotea garrantzitsua da.

    Beste alde batetik, iturri eta baliabide fidagarriak izatea ezinbestekoa da iritzi bat ematen denean. Askotan, sareetan dagoen informazioa ez da benetakoa eta guk aintzat hartzen dugu. Aitzitik, profesional eta jakitunen ideiak zalantzan jartzeko ausardia hedatzen ari da. Ez dago zalantzarik epaile lanak egiten ditugula nolanahi baliabiderik izan gabe.

    Zer esanik ez dago emozioek lehentasuna hartzen duela iritzia adierazteko momentuan. Sarri, urkoa gutxietsi egiten dugu gure argudioa inposatu nahian.

    Laburbilduz, nire aburuz, teknologian garatzen doan gizarte honetan, tentuz jokatu behar dugu ideiak emateko orduan inor mindu gabe eta zilegia den eremu batean aritzeko.




    ErantzunEzabatu
  2. Hedabideetan eta sare sozialetan lekua eman behar al zaio faxismoari?


    Argia aldizkarian irakurri berri dut (hemen esteka), Bernedoko udalekuen harira, EHUko bi irakaslek mezu transfoboak zabaldu dituztela beraien sare sozialetan. Zoritxarrez ez da kasu bakana. Lehenago ere izan dira antzeko jarrerak erakutsi dituzten irakasleak: Iazko irailean, EHUk Leioako campusetik irakasle bat kanporatu zuen mezu faxistak eta misoginoak partekatzearren. Beste kasu berriago bat, aurten, Gasteizko Farmazia Fakultateko irakasleak publikatutako mezu faxistak dira. Gauzak horrela, egokia al da hedabideetan eta sare sozialetan faxismoari lekua ematea?

    Faxismoak ezin du lekurik izan hedabideetan, sare sozialetan, ez beste inon. Izatekotan, epaitegietan zigortzeko. Nik uste dut guztiok ados egongo garela adierazpen horrekin. Hala ere, batzuentzat faxismoa dena beste batzuentzat ez da. Aurrekoarekin hertsiki lotua dago gorroto delitua (urte batetik lau urterainoko kartzela zigorra). Baina non dago adierazpen askatasuna? Aitzakia horren atzean, baten bat bere burua zuritzen saiatuko da. Bada, adierazpen askatasunak ezin du guztia justifikatu, ezin dira muga batzuk zeharkatu. Eta muga horien interpretazioan dago gakoa, oso lausoa baita marra hori. Adituen arabera, irainetan eta ofentsetan dago marra gorria. Ertzaintzak berak ere bere webgunean jasotzen du gorroto delitua, zer den eta zein kasutan ematen den azalduz.

    Bukatzeko, argi utzi nahi dut faxismoak ez duela inon lekurik. Baina nola egin kontra, botere judiziala kutsatua dagoenean, alderdi politiko faxistak hauteskundetan lekua dutenean eta hauei ahotsa ematen zaien bitartean? Azken horien kontrako edozein ekintza terrorismoari gorazarre bezala salatzen dute faxistek. Ertzaintzak berak ere, ez du delitu gisa interpretatzen Falangeak Hispanitatearen Eguna Gasteizko plazan ospatzea. Terrorismoa, antza, ekintzaile batzuena baino ez da; beste batzuena ez. Baina hurrengo baterako utziko dugu azken hori, iritzi artikulu baterako haina mami badu eta.

    ErantzunEzabatu
  3. Faxismoak adierazpen-eskubidea erabiltzea bidezkoa ote da?

    Gaur egun, telebistako albisteetan, tertulietan, Instagramean edo Twiterrean -orain X den horretan- talde batzuek aurkitu dute euren lekua. Faxismoak aurkitu du eremu aproposa jendea bereganatzeko. Baina edozer esan daiteke sare sozialetan? Ez litzateke kontrolen bat egon beharko?

    Arrazoi desberdinengatik jendearentzat erakargarriak diren mezuak botatzen dituzte. Askotan gorroto mezuak hedatzen dituzte inpunitate osoarekin, sareek ematen duten anonimotasunari esker. Irainak eta gezurrak aireztatzen dituzte eta, horrela, jarraitzaileek marasma-sarea gero eta handiagoa egiten dute. Escracheak jada ez dira egiten izorratu nahi denaren etxe aurrean; orain sare sozialetan egiten dira, eta azkoz jende gehiagok hartzen du parte halakoetan. Gauzak horrela, zarata egiten dute albisteetan agertzeko; orduan lortzen dute bilatzen duten publizitatea.

    Hala ere, ezin ditugu sare sozialak txartzat hartu. Harremanetarako tresna oso baliagarriak dira. Pertsonen arteko loturak mantentzeko edo berrizteko oso lagungarriak dira. Adibidez, pertsona batekin galdutako kontaktua, sare sozialen bidez berreskuratu dezakezu. Urrun daudenekin ere askoz errezagoa da lotura hori zaintzea. Ez hori bakarrik, sare sozialak bide ona dira adierazpen-eskubidea bermatzeko. Izan ere, denok daukagu aukera gure burutazioak, gure ideiak eta gure lanak airean zabaltzeko. Kritikak egiteko ere balio dute sareek, eta gure gizartean dagoen egoerak aitzaki anitz ematen du kritikarako.

    Edozein modutan ere, ezin da dena onartu. Esaterako, ezin dira salaketak froga barik egin. Ezin dira aireatu beste pertsona baten irudiak haren baimenik barik. Ezin da anonimatoan izkutaturik pertsona bat iraindu. Sare sozialak ez dira txarrak, haien erabilera desegokia baizik, eta horixe da arazoa egun hauetan. Faxismoak aukera hori aprobetxatzen du, eta gero eta jende gehiagori heltzen zaizkio gorroto mezu horiek.

    Laburbilduz, sare sozialen eta hedabideen erabilera zuzena eta legeetan oinarrituta egin behar da. Gorroto delituek edo irainek ez lukete hor lekurik izan behar. Legeak hori ziurtatu beharko du.

    ErantzunEzabatu
  4. Titulua: Inkulturalizazio batean al gaude? Ez-jakintasunaren gizartea

    Orain dela hilabete batzuk sare sozialetan agertu zen instagramer bat esanez irakurtzen duten pertsonak ez direla besteak baino hobeak, eta jendeak liburuak irakurri barik arrakasta izan ahal duela bizitzan. Hori esan ostean, debate handia sortu zen.

    Pasadizo hori inkulturalizazio seinale bat da. Gainera, esaldi hori nire ikasleek testu luzeak irakurtzeko daukaten ezgaitasunarekin lotzen dut.

    Azken urteotan gero eta azkarrago doa dena eta ez daukagu astirik gai batzuetan murgiltzeko. Gure gizartean gertatzen diren gauzak ulertzeko, ontzat hartzen dugu kalean esaten dena edo hedabiteetan bultzatzen dena.

    Alde batetik, mezuak testu laburretan etortzen zaizkigu eta informazio entretenigarria dena gureganatzen dugu. Baina kontuan hartu behar dugu hausnarketa sakonak egiteko, edo gai bat sakonki ezagutzeko, instagrameko azalpen laburrekin ez dela nahikoa.

    Bestetik, askotan ez dakigu zehazki informazioen iturriak fidagarriak diren ala ez. Horregatik zabaltzen dira buloak hain azkar, eta informazioa kritikoki prosezatzeko gaitasuna galtzen ari gara.

    Ulertzen dut informazioaren hedapena Internetek eta sare sozialek demokratizatu dutela. Gaur egun informazioa azkar zabaltzen da, eta gero eta ezagutza handiagoa partekatzen da. Baina orain informazio gehiegi daukagu eta entretenitzen gaituzten mezuak irakurtzen ditugu sakondu barik.

    Niretzat, kultura izatea ikuspuntu kritikoa izatea da informazioa prozesatzeko eta gure inguruan gertatzen diren gauzak hobeto ulertzeko. Hori egiteko, asko irakurri behar dugu, informazio xehe-zabala bilatu behar dugu, hausnarketa sakonak egin behar ditugu... Uste dut hori dena gero eta gutxiago egiten dugula.

    Erromatarrek esaten zuten bezala, gizarteari “panem eta circenses” ematen badizkiogu, errazagoa izango da gobernatzeko. Hau da, jendeari oinarrizko beharrak (janaria, adibidez) betetzeko eta entretenitzeko (futbola, adebidez) ematen badizkiogu, horiek ez dira kexatuko. Gaur egun, “jendea kontrolatzeko formula” horri, presioa eta presa gehituko nizkioke, pentsatzeko astirik ere ez baitago.

    ErantzunEzabatu
  5. IRITZI ERAIKITZAILEAK


    Sarrera gisa, eta neure bihotzaren lehen kajoitik, esango nuke edonork daukala bere iritzia emateko eskubidea. Baina kontuz! Nire ustez, iritzi guztiak ez daukate zertan errespetagarriak izan behar. Errespetagarritasuna besteengandik irabazi edo lortu behar den egoera bat dela esango nuke. Hau da, iritzia nondik eta nola helarazten diogun besteei askotan garrantzitsuago da iritzia bera baino. Beraz, nire ustez muga errespetuan datza, ez hainbeste edukian. Iritziek testuinguru batzuetan errespetu falta izanez gero, iritziek balioa galtzen dute eta ez dira eraikitzaileak izango.

    Iritziak eraikitzaileak izateko, badago zerbait funtsezkoa dena. Entzutearen garrantzia eta artea. Besteen iritziei irekita egotea emozioetatik erreakzionatu barik. Eta entzundakoa detaile txikiekin jasotzea. Nire ustez, ez dago iritzi on bat sortzerik aurretiazko entzumen edo jakintza aberats bat gabe. Honekin batera, beste ezaugarri eraikitzaile bat ideia ezberdinen elkar-elikatze bat baloratzean datza. Nahiz eta, bestearen iritziarekin ados ez egon, beti daukagu norbaitengandik zerbait ezberdina eta baliogarria jasotzeko aukera.

    Izan ere, gaininformazioaz jota gauden garai honetan gero eta zailagoa da benetako iritzi eraikitzaileak bilatzea sarean. Gaur egun, arriskua batean dago iritzia. Informazio ez fidagarri gehiegi daukagu sarean eta hortaz edonor edozer gauza esateko joera ari da zabaltzen. Nire aburuz, honen aurrean iritziek indar gehiago hartuko lukete bizipenetatik ateratzen badira, eta aurrez aurre komunikatzen badira.

    Amaitzen joateko, ez dut ulertzen iritzia zerbait estatikoa bezala. Izan ere, beharren, denboraren, harremanen, eta bizipenen poderioz modelatzen joan naiz beti. Sarri pentsatzen dut ere, ezin garela pentsatzen dugun guztia izan. Hau da, ditudan iritzi guztiek ez naute zertan definitu behar besteen aurrean. Bukatzeko norbere iritziak zalantzan jartzearen ariketa egitea gustatzen zait, beharrezkoa eta interesgarria iruditzen zaidalako. Are gehiago, esango nuke, holako momentuetan eraikitzen ditugula iritzi sendoenak.

    ErantzunEzabatu
  6. EZ-JAKINTASUN BEHARTUA

    Informazioaren garaian bizi omen gara. Klik batean, milaka jakintza iturri ditugu eskura. Hala ere, eta paradoxikoki, datu-uholde horren erdian ez-jakintasunaren gizarte bihurtzen ari gara. Izan ere, aurreko belaunaldiekin konparatuta, pentsamendu kritikoa galdu dugu, eta herritarrok gero eta manipulagarriagoak gara. Baina ez al da hori nahi dutena?

    Hasteko, argi dago Informazioa hain eskuragarri izateak, desinformazioaren eta manipulazioaren ateak parez pare ireki dituela. Albiste faltsuak eta konspirazio- teoriak azkar zabaltzen dira eta, giro horretan, egia eta gezurra bereiztea izugarri zaildu da. Jendeak nahiago du bere aurreiritziak indartzen dituen informazio faltsua sinestea. Algoritmo madarikatua!

    Dudarik gabe, fenomeno hau ez da kasualitatea. Gobernuek eta botere ekonomikoek interes handia dute herritarrok gero eta ezjakinagoak izan gaitezen. Pentsamendu kritikoa dutenak deserosoak dira sistemarentzat, galderak egiten dituztelako eta zalantzak planteatzen dituztelako.

    Gainera, hezkuntza-sistemaren erreformak bata bestearen atzetik datoz, baina beti emaitza berarekin: ikasleak gero eta prestakuntza eskasagoarekin irteten dira eskoletatik eta, horren ondorioz, arazo larriena pentsamendu kritikoaren gainbehera da. Irakurtzen eta idazten badakigu, baina ez dugu ulertzen. Erantzunak berehala lortzera ohitu garenez, Google-ri galdetuz, informazioa modu pasiboan kontsumitzen dugu, zalantzan jarri gabe eta aztertu gabe.

    Edonola ere, adituek diotenez, hezkuntza demokratizatu egin da eta edonork ikas dezake nahi duena, sarean aukera ugari baitaude. Baina aukera horiek baliatzeko gaitasuna ez badugu, hau da, analfabetismo funtzionala hedatzen bada, askatasun hori, ilusio hutsa besterik ez da.

    Laburbilduz, ez-jakintasunaren gizartean bizi gara, eta hori ez da kasualitate hutsa, baizik eta interesen ondorio zuzena. Gizarte informatua eta kritikoa arriskutsua da boterearentzat, eta horregatik ez-jakintasuna elikatzen da. Inoiz baino tresna gehiago ditugu ez-jakin funtzionalak izateko. Beraz, hezkuntza kritikoa eta kontzientea bultzatzea gure erronka nagusia izan behar da. Utziko al digute?

    ErantzunEzabatu
  7. Iritzia edonork eman dezake? Iritzi guztiak dira errespetagarriak?

    Azpimarratzekoa da gaur egungo gertakizun eta berri desberdinek gizakion artean eragiten duten iskanbila-kopurua. Hainbesteko hedabide, sare sozial eta, orokorrean, informazio (eta “des-informazio”) iturri izanda, gizakiok eta, batez ere, gazteok, edozein lekutatik jasotzen dugun informazioa sinesten dugu. Horrek, bakoitzak gertakizun edo gai horiei buruz iritzi ezberdinak izatea eragiten du. Baina edozeri buruzko iritzia izateak eta besteokin partekatzeak aproposa izan eta ondo ikusia egon beharko luke beti? Iritzi horiek edonork eman ditzake?

    Lehenengo eta behin, denok kontrolatu beharko genuke nondik jasotzen dugun informazioa. Horretarako, komenigarria izango litzateke gai edo eremu bakoitzeko bizpahiru erreferente izatea. Esate baterako, elikagai osasuntsuei buruzko testuak irakurtzerakoan, autorea bere lanaren eta ezagutzaren balioagatik aukeratzea. Edo, era berean, gaur egun gure herrialdean daukagun politika polarizatuari buruzko informazioa kontsumitzen dugunean. Bakoitzak iritzi desberdinak izan ditzake, baina iritzi horiek benetan ondo argumentatuak egon beharko lirateke edo, behintzat, zentzua izan beharko lukete.

    Horiek guztiak ondorio larriak izan ditzakete. Gizakioi nahigabe kontsumitzen dugun informazioaren arabera sortzen dugun izaera eta jarrera definitzen gaitu. Hortaz, gure inguruko lagunekin edota talde desberdinekin edozeri buruz eztabaidatzen dugunean, askotan aurrean duguna konbentzitzen saiatzeko joera dugu. Kasu horietan, maiz geure iritzian ixten gara aurrekoari entzun gabe, jakin barik agian gurea baino baliozkoagoa dela edo, behintzat, zentzu handiagoko beste ideia bat izan dezakeela.

    Beraz, esan dezakegu iritzia edonork eman dezakeela? Noski baietz, baina horrek ez du esan nahi iritzi hori errespetagarria izan behar denik eta arazorik gabe partekatu ahal duenik. Saia gaitezen behintzat argudio finko eta lodia izaten.

    ErantzunEzabatu
  8. EZ-JAKINTASUNAREN GIZARTEA

    Kurtso hasiera da eta aurreko kurtsoetako liburu batzuk apaletik kendu behar ditut. Bat-batean, argitaletxe eta maila berdineko hainbat matematika liburu eskuetan ditut. Konparaketa egitea saihestezina da. Aurkibidean agertzen diren gaiak berdinak dira, baina barneko edukiek ez daukate zerikusirik: eragiketak askoz errezagoak dira, azalpenak ez dira hain sakonak, ariketa kopurua murriztu da,… Liburu hauekin gertatzen den moduan, gure gizartean ere jakintasuna gutxitzen ari da.

    Egunero irakurtzen dugu gure ikasleen ulermen maila eta matematika gaitasuna txikitzen joan direla. Hori konpontzeko, hain jakitunak diren politariek neurri espezializatuak hartuko dituzte. Neurriak legedia behin eta berriz aldatzean datza, irakasleak formatzeko eta prestatzeko denborarik izan gabe. Hori bai, ikaslearen “ongizatea” zentroan ipintzen dutela adierazten dute. Ongizatea, ezjakina izanik, posiblea ala beharrezkoa da? Azken finean, politikariek duten kultura-maila aztertuta, hori ezinbestekoa izan behar da; ezjakinak ez baitu esaten diotena zalantzan ipiniko.

    Bestalde, gaur egun ondo dakigunez, interneti esker, arlo guztiei buruzko informazioa eskuragarri daukagu. Gailu bakar batekin edozein gai aukeratu, nabigatzailean idatzi eta instantean agertuko zaizkigu hamaika hiperesteka edo iruzkin. Informazioa izan badugu, baina benetakoa al da? Gehienetan, ez da bereizten zein den benetako informazioa edo gezurrezkoa. Fake news-ez beteta daude sare-sozialak eta hainbat webgune. Gure betebeharra iturria eta informazioa egiaztatzea izan beharko litzateke, baina ez da normalean egiten den gauza. Batzuetan ere, iturri fidagarrietan edukiak kutsatuta egon dira, iritzi publikoan eragina izateko nahian.

    Laburbilduz, ongizatearen gizarte honetan, askori komeni zaie gizartea bera gero eta ez-jakitunagoa izatea. Horrela, jasotzen duen informazioa ez du zalantzan ipiniko, ez baitu iritzi kritorik izango. Ez da kapaza izango jasotzen duen informazioa egiaztatzeko, ez baitu oinarri minimorik izango horretarako, eta manipulagarria bihurtuko da. Beraz, ongizatearen gizarte hori, ez-jakitunen gizarte bihurtuko da.

    ErantzunEzabatu
  9. Zalantzan jarri behar al dugu guztia?

    Gero eta gehiago entzuten dugu informazioaren gizartean bizi garela, baina, agian kontrakoa gertatzen ari da. Agian, ez jakintasunaren gizartea sortzen ari gara. Baina, zer da ez jakintsua izatea? Bai, hausnarketa sakona da hau. Nire ustez, ez da soilik ez jakitea, baizik eta jakin nahi ez izatea, edo informazioa zalantzan jartzeko pentsamendu kritikorik ez edukitzea.

    Sare sozialek, teorian, ezagutza partekatzeko aukera ematen dute. Adibidez: plater gozo-gozoak egiteko errezetak, edo leku zoragarriei buruzko informazio interesgarria. Baina, askotan, kontrakoa gertatzen da: azaleko edukiak, iritzi azkarrak eta gezur errepikatuak zabaltzen dira, iturririk aipatu gabe. Orain dela gutxi, sare batean mezu ikaragarri bat ikusi nuen. Sare horretan gutxi gora behera ez irakurtzea gomendatzen zen, ez zela beharrezkoa. Barkatu? Benetan?.

    Zer esanik ez adimen artifizialari buruz!. Horrek artikulu berezi bat merezi du. Mugikorra agertu zenean gaizkiaren tresna bat zela pentsatu genuen. Gaur egun, denok erabiltzen dugu nahitaez. Hala ere, ondo erabiltzen ikasten jarraitzen dugu. Adimen artifizialarekin berdin jokatu behar dugu. Izan ere, kontu handiagoz, iturriak nondik atera diren ez dakigulako eta haluzinazioak izan daitezkeelako. Argi dago lagundu diezagukeela, baina haratago heltzeko gai izan behar dugu; bestela, lelo bihurtuko gara eta, - nola ez! -, beti ikasten eta irakasten jarraitu behar dugu.

    Horren ondorioz, galdera bat datorkit burura: nork nahi du jende ez jakina? Hedabide handiek eta politikaren munduak ez dute zertan interesik izan herritarrak adituak izan daitezen; kontrola errazagoa da pentsamendu propioa gutxitzen bada. Sare sozialetan gainera, iritzi kaltegarriak eta ideologia jakin baten aldeko diskurtsoak azkar zabaltzen dira, ondorio sozial eta politiko larriak ekarriz.

    Beharbada, garaia da berriro kultura eta jakintza balio moduan aldarrikatzeko. Informazioa ez da jakintza; irakurtzea, hausnartzea eta zalantzan jartzea dira ezjakintasunaren aurkako bide bakarra.

    ErantzunEzabatu
  10. Faxismoari leku egin behar al zaio, komunikabideetan eta sare sozialetan?

    2024an, X (lehen Twitter) eta Facebook bezalako sare sozialek kritika ugari jaso zituzten Europan eskuin muturreko mugimenduei lotutako gorroto-diskurtsoak hedatzen uzteagatik. Horrek eztabaida berriro piztu zuen: gizarte demokratiko batek intolerantzia eta indarkeria sustatzen duten mezuak onartu behar al ditu?

    UNESCOren arabera (2023), hedabideek erantzukizun etikoa dute giza eskubideak urratzen dituzten ideologien aurrean. Dakigunez, faxismoak ez du iritzi aniztasuna sustatzen; beldurra eta gorrotoa elikatzen ditu eta, azkenean, askatasuna bera birrintzen du. Horren ondorioz, mugimendu horren diskurtsoa adierazpen-askatasunaren izenean zabaltzea hipokresia da. Historiak erakutsi digu –Alemanian, Italian edo Espainian– mezu faxistak normalizatzen direnean, gizarteak bide arriskutsua hartzen duela: diskriminazioa, jazarpena eta indarkeria areagotzen dituzte.

    Hala eta guztiz ere, adierazpen-askatasun osoaren aldeko batzuek argudiatzen dute ideiak gaitzesteak printzipio demokratikoen aurka egiten duela, nahiz eta ideia horiek muturrekoak izan. Alabaina, jarrera horrek ahaztu egiten du lokabetasunak muga bat duela: beste bati kalte egiten dionean amaitzen dela. Espazio digital publikoa –non mezuak berehala hedatu eta eragin handia izan dezaketen– babesteak gorroto-diskurtsoei mugak jartzea dakar.

    Laburbilduz, komunikabideek eta sare sozialek ez liokete faxismoari lekurik eman behar. Kontua ez da eztabaida politikoa gaitzestea, giza duintasuna eta bizikidetza demokratikoa babestea baizik. Adierazpen-askatasunak eraikitzeko balio behar du, ez gizarte aske batek oinarri hartzen dituen balioak suntsitzeko.

    ErantzunEzabatu

  11. Inkulturalizazio batean al gaude? Ez-jakintasunaren gizartea

    Azken bolada honetan, zerbait bitxia nabaritzen ari da gure gizartean, inkulturalizazioa, hain zuzen ere.

    Ez da gertaera puntual bat, zerbait orokorra dirudi. Eta aipatutako ez-jakintasun orokorra da. Hasteko, aipatu nahi dut irakaslea naizela. Bigarren hezkuntzako instituto publiko batean lan egiten dut. Zientzia irakaslea naiz. Adostasuna dago irakasleon artean, bereziki esperientzia handikoen artean. Guztiok nabaritu dugu ikasleen ezagutza maila erabat gutxitu egin dela azken hamabost urteetan. Orokorrean hau guztia ez da ikusten. Kalean paseatzean ez da ezer berezirik ikusten. Biztanleek portaera arrunta izaten dute. Baina hogei eta piko urte egon bazara klaseak ematen, berehala antzematen duzu zein desberdinak diren gaur egungo portaera eta aintzinakoa, eta azterketen maila ere bai.

    Adibide bezala aipatuko dut askotan ikusitako zerbait : Zientzian ezagutza maila oso pobrea da nire klaseetan. Hala ere idatzitakoaren ulermena ere oso eskasa da. Buruketa batean, zientzia klase batean, biak menperatu behar dira, oinarrizko hizkuntza matematikoa eta testuaren ulermena, hau da, lehen urratsa. Askotan, irakurmena ere ez da behar den moduan menperatze. Esate baterako, batxillergoa hasteko momentuan. Dena batera baloratuz, guztia negargarria da.

    Gure gizarte elebidunean arazoa areagotu egiten da, ikasle askok hizkuntza ez dutelako menperatzen. Atzerritik etorritakoak ez dute ez euskara ezta gaztelaniera ezagutzen eta beste guztiekin batera daude klasean. Zer egin dezakegu ikasle hauekin?

    Emaitza objetiboak baloratu behar dira: Europar batasuneko frogak, froga autonomikoak, Pisa analisiak…

    Arrazoiak ere aztertu behar dira:
    Teknologia berriak, sare sozialak, pantailak eta smart phone-ak, adimen-artifiziala, pandemia, migrazioak, beste botere izkutuak, gaur egungo gurasoekiko hiper-babesa…

    Nik ez dakit zergatik dugun guzti hau. Dena den, ez zait batere arduratzen. Munduak biraka jarraituko du eta historian beste garai bat izango da gurea, bere ezaugarriekin. Urte asko barru, munduak aldatu egingo du. Han gizakiak egongo dira (espero dezagun baietz) Diferenteak? Ez gehiegi! Agian hegan egingo dute, posible da buruan ordenagailu mikroskopikoak izatea, ezagutza askorekin, hizkuntza guztiekin, auskalo zenbat urte iraungo duten bizirik, baina gizakiak izango dira gu bezalakoak. Ez-jakintsuak?
    Zer da ez-jakintsua izatea? Oso ausarta izan behar da galdera hori erantzun ahal izateko.

    ErantzunEzabatu
  12. Faxismoari Ez, Ez Hemen eta Ez Inon
    Faxismoari ez diot lekurik emango, doktrina hori giza eskubideen aurkakoa baita. Nahiz eta adierazpen-askatasuna izan, horrek ez du esan nahi iritzi eta ideologia guztiak onargarriak direnik. Are gehiago, faxismoa bezalako doktrina totalitarioa, antidemokratikoa eta eskuin-muturrekoa ezin da babestu, Estatuaren menpekotasun osoa bilatzen baitu, norbanakoaren askatasunaren aurka eginez.
    Zoritxarrez, faxismoak bere lekua aurkitu du sare sozialetan eta hedabideetan. Birusa izango balitz bezala hedatzen ari da erraz. Faxismoak lagun on bat aurkitu du anonimotasunean eta desinformazioan. Handik totalitarismoaren apologia zabaltzen du, gezurrak eta astakeriak baliatuz, populismo itsuarekin nahastuta. Hori dela eta, sare sozialetan iritzia eman nahi duen ororentzat identitate digitala izatea izan beharko litzateke derrigorrezkoa. Horrela, saihestu egingo litzateke pertsonek izugarrizko basakeriak idaztea eta gorrotoaren apologia egitea, eta baita anonimotasunaren babesean zigorrik gabe geratzea ere.

    Faxismoaren hedatzea ulertzeko, gazteen egoerari erreparatu behar diogu. Inkesten arabera, lau gaztetik batek ultraeskuineko alderdiei ematen die botoa; gazte horien gehiengoa gizonezkoa da. Arrazoiek adierazten dute gaur egungo erakunde demokratikoak huts egiten ari direla kalitatezko lanpostuak sortzerakoan, eta alderdi tradizionalekiko konfiantza galdu dela ustelkeria-salaketen ondorioz. Gobernuek ez diote erantzuten etxebizitza merkeen eskaerari.
    Ondorioz, ezinbestekoa da gizarte zibila eta erakunde demokratikoak faxismoaren gorroto-mezuen aurrean irmo agertzea. Eratu dugun demokrazia, bere akatsak izan arren, faxismoaren alternatiba bakarra da. Ezin dugu utzi askatasuna ahultzen utzi, anonimotasunean babesten diren horien erasoen ondorioz. Beraz, dei egiten diot botere publikoari, askatasunaren eta errespetuaren balioak babesteko. Horretarako, neurri eraginkorrak hartu behar ditugu, bereziki esparru digitalean. Faxismoari ez, ez hemen eta ez inon; gure eskubideak jokoan daude.

    ErantzunEzabatu
  13. Inkulturalizazio batean al gaude?
    Ez- jakintasunaren gizartea

    Aurrekoan, 15 urteko semeak moskitoa izorratzen zebilkiola esan zidan. Begiratu eta, moskitoa beharrean, eulia zela ikusi nuen. Argi eta garbi. Harrituta, eulia zela argitu nion, eta deseroso, “eulia edo moskitoa, berdin da!” erantzun zidan. Bitxo batek molestatzen zion. Ez zitzaion bitxoaren gaineko espezifikaziorik inporta. Aho bete hortz geratu nintzen. Orduan, gogora etorri zitzaidan nire aititeren aurpegia, etxera txepetxa edo txantxangorria sartu zela esan nioneko egunean. Zein txori izan zen ez jakitea ulergaitza iruditu zitzaion.

    Aititek ongi bereiziko lituzke euli eta moskitoak, baita ere, txepetxa eta txantxangorria. Aititeren garai haiek alfabetu gabeko pertsona funtzionalen garaiak iruditu zaizkit beti. Baina eta oraingo hauek? Funtzionala al da bitxo eta hegazti motak bereiztea? Semearen eta nire ustetan, momentu horretan, argi dago ezetz.

    Garaiak aurrera joan ahala, mundua eta beharrizanak aldatzen joan dira. Gero eta ikasketa zabalagoak dituen pertsona gehiago dago. Apenas dago alfabetatu gabeko inor. Goi-mailako ikasketak dituzten gazte asko dago. Egia da, gaur egun, telebista ikusten dugunean, zalantzan jartzen dugula goi-mailako ikasketak dituen pertsona asko daudeneko premisa. Baina horrela diote datuek. Orduan, zer dela eta ez-jakintasunaren gizartea delaren irudipen hori?

    Hona hemen zergatia: autoestimua eta nork bere buruarekiko duen konfidantza oso garrantzitsuak direla eta, ezjakinek lotsarik gabe azaleratzen dute beren ezjakintasuna. Diren modukoak izateaz harro ageri dira.

    Baina aproposa al da, testuinguru zehatz batean, ondo ikusiak ez dauden baloreak dituzula erakusteko ausardia hori?

    Nire ustez, dena balore kontua da. Dakigun moduan, mundua-aldatze horretan, balioak aldatu dira, eta balore horietatik urrun geratzen diren gauzei ematen diegu garrantzia. Ez-jakintasun garaia izan beharrean, balore eraldatze-garaia da gaurkoa.

    ErantzunEzabatu

Argitaratu iruzkina

Blog honetako argitalpen ezagunak